Koronabirusa dela eta, hartuko ditugun neurriak

Klaseen hasiera.

DBH 1. eta 2. mailetako ikasleak irailaren 7an hasiko dira. 12:00etan izango da aurkezpena, eta 13:00etan bukatuko da. Ondoren etxera joango dira, oinez edo eskola-garraioa erabiliz.

DBH 3. Eta 4. mailetako ikasleak irailaren 15ean hasiko dira, 08:30etan. Lehen saioan harrera egin eta liburuak banatuko zaizkie, eta ohiko jardunaldia eukiko dute ondoren.

 

Ikasgelen banaketa berria

Orain arte, ikasgela bakoitzean ikasgai bat eskaintzen zen, baina horrek joan-etorri gehiegi eragiten dituenez, hemendik aurrera ikasgela bakoitza ikasle-talde banari egokituko zaio (1A taldearen gela, 1B taldearen gela…).

 

Tenperatura hartzea

Eguneko lehen saioan, ikasleak gelara sartu eta berehala irakasleak denei hartuko die tenperatura, banan banan. Norbaitek sukarra balu, protokoloak agintzen dituen neurriak beteko dira.

Irakasleak eta beste kanpoko pertsonak sartzen direnean, eskolazainak neurtuko die tenperatuta ikastetxearen sarreran bertan.

Dena dela, etxetik irten baino lehen ere tenperatura hartzea eskatzen da.

 

Derrigorrezkoa ez bada, gurasoei ikastetxera ez etortzeko eskatzen zaie

Dena dela, etorri behar izatekotan, guk deituta ez badatoz, aldez aurretik telefonoz edo emailez txanda hartzea eskatzen zaie.

Telefono zein posta elektroniko bidezko komunikazioa lehenetsiko da.

 

Jantokiko txandak aldatu egingo dira

Jantokia Lehen Hezkuntzako ikasleekin konpartitzen dugu. Orain txanda bi egin behar dituztenez, Markina BHIko ikasleak 14:15etan sartu beharko dira orain (15’ beranduago), eta 14:45etan irten. Ondoren garraiodunek autobusa hartuko lukete.

Oso garrantzitsua da jantokia erabiltzen duten ikasle guztiek bertako zaintzaileen aginduk zorrotz betetzea.

 

Jantoki zerbitzuaren erabilera murriztea

Garraioa erabiltzen duten ikasleek batetik, eta beka jasotzen dutenak bestetik, jantokia erabiltzeko lehentasuna dute. Eurez gain, beste familia askok ere era zilegian erabiltzen dute zerbitzu hau, baina Markina BHItik zera eskatzen dugu: derrigorrezkoa ez baldin bada, zerbitzu hau ez erabiltzeko, jantokian gutxieneko distantziak zaintzen laguntzeko. Badakigu eskabide hau askoren gustokoa ez dela izango, baina egoerak bultzatuta egiten dugu.

 

Ikasturte osorako jardunaldi jarraia egitea eskatuko dugu

Egoerak eraginda, eta Lehen Hezkuntzako ikastetxearekin baliabideak eta zerbitzuak konpartitu ahal izateko, jardunaldi jarraia eskatu beharrean gaude. Ikastetxeko OOGak aldaketa hori onartzen badu, eta Hezkuntza Sailaren lurraldeko ordezkaritzak baiezkoa emanez gero, urritik aurrera 08:15etatik 14:15etara bitartekoa izango litzateke gure jardunaldia, egunero.

 

Ordenagailu eramangarrien mailegu-zerbitzua

Itxialdia gertatu zenean egin genuen bezala, oraingoan ere hala eskatzen duten familia guztiei ikastetxeko ordenagailu eramangarri bana maileguan uzteko zerbitzua abiatuko dugu.

Eskabideak egiteko hona idatzi: jirigoien@markinabhi.org

 

Ikasleak leku finkoetan jarri behar dira beti

Bestelako instrukziorik jaso ezean, hori izango da euren lekua, bai ikasgelan, zein jantokian edo autobusean.

 

“COVID gela” egongo da

Lehen solairuan egongo da kokatuta, isolatuta, desinfektatuta eta behar bezala aireztatuta, eta bertara bideratuko dira kasu susmagarri guztiak.

 

COVID arduraduna

Koordinazio lanak egingo ditu, bai familiekin, baita osasun zerbitzuekin. Gure ikastetxean zuzendaria bera izango da arduradun hori.

 

Aldagelarik ezin izango da erabili

Beraz, gorputz hezkuntzako ikasgaian programazioa aldatu egin beharko da.

 

Talde lanik ez da egingo.

Egoera aldatzen ez den bitartean, elkarrengandiko urruntasuna zaintzeko ezinbestekoa da ikasgeletan taldeetan egiten diren lanak ahalik eta gehien murriztea.

 

Eskolaz kanpoko ekintzak murriztu egingo dira

Oraingoz, DBH bigarren mailako ikasleek egin ohi duten lau eguneko egonaldia bertan behera geratu behar da, baita hirugarren mailako egun biko eski irteera, eta laugarren mailako ikasketa bidaia.

Horrez gain, gainontzeko ekintza osagarriak ere berriz planteatu beharko ditugu, eta kasuz kasu aztertzen joan, zein egin eta zein ez jakiteko.

 

Ibilbideak ezarriko dira ikastetxe barruan

Eskilaretako eta pasabideetako benganeetan geziak ipiniko dira ibilbideak zeintzuk diren markatzeko.

 

Jolasorduetan ikasle talde bakoitzari eremu  bat esleituko zaio

Ikasleek, adierazitako esparruan egon beharko dute denbora horretan zehar. Eremu horiek txandakatuz joango dira aldiro-aldiro.

 

“Ikasle laguntzailea” proiektua bertan behera geratuko da

Egora aldatzen ez den bitartean “Ikasle laguntzailea” proiektua geldirik egongo da.

 

Maskara erabiltzea derrigorrezkoa da

Arau hau ikastetxe barruan dauden pertsona guztiek bete behar dute, nahi eta ez.

 

Eskuak garbitu behar dira

Hidrogelak eskuragarri egongo dira ikastetxe guztian.

 

Elkarrengandiko distantzia zaindu egin behar da

Metro t’erdiko distantzia gordetzen ahaleginduko gara beti. Argi dago gehienetan zaila izango dela hori betetzea, baina horrek ez du ahalegina egin behar ez denik esan nahi.

 

Komunetako erabilera

Arautu egingo da. Gehienez zenbat pertsona egon daitezkeen eta noiz erabili behar diren batez ere.

 

Ikasgelen garbiketa

Ikasgelak, jantokia, pasabideak, liburutegia, eta beste gela guztiak garbi eta aireztatuta egoteak lehentasuna izango du.

 

Koronabirusak eragindako egoerari buruzko jarraibideak, informazioa eta gomendioak hezkuntza komunitateari.

 

Dokumentu honen xedea da jarduketa-jarraibideak eta orientabideak eskaintzea hezkuntza-jarduera EAEko eskoletan antolatu eta 2020-2021 ikasturteari beharrezko segurtasun-eta osasun-bermeekin ekin ahal izateko.

Dokumentu hau goikoaren gehigarria da. Hemen azaltzen da zelan jokatuko dugun kasuak detektatzen diren unetik aurrera.